Beheko argazkian ikus dezakezuen bezala, Baietz Guraso Elkarteko kideak dagoeneko eskolara etorri dira sarrera apaintzera. Hurrengo ostiralean Olentzero eta Mari Domingi etortzen direnerako, eskola dotore-dotore dago eta ikastetxean haur hezkuntzako ikasleak dagoeneko “Horra, horra, gure olentzero” abestia sarreran kantatzen hasi dira. Zuen seme-alabekin abestera animatuz gero, behean abestia duzue.
AUZALAR KANTUZ
Aurretik aipatu genizuen bezala, euskara batzordeak antolatuta, lehen AUZALAR KANTUZ ospatu dugu.
Ikasle eta irakasle guztiek elkarrekin, aldez aurretik gelan eta etxean landutako abestiak patioan abestu ditugu: ikusi mendizaleak (Oskorri), animalien ibilkera (Ene Kantak) eta aukera berriak (ETS) abestiak hain zuzen ere.
Behean ekitaldiko hainbat argazki eta bideo dituzue.
3 Ene Kantak programaren grabazioa Auzalarren
Astelehen honetan, azaroak 27, ETB3-n emititzen den 3 Ene Kantak programatik etorri ziren ikastetxera eta dantzan atalaren grabazioa egin zuten. Kontzertu txiki bat izan zen, non aktoreek oholtza baten gainean antzeztu eta dantzatu zuten eta eskolako Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4.maila bitarteko ikasleak ikusle bezala abesten eta dantzan aritu ziren. Oso ongi pasa zuten!
Behean eguneko argazki eta bideo bana ikusgai dituzue.
Parte hartu zuten ikasleei Ene Kantak Jai Erraldoia ikuskizunaren DVDa opari bezala emango diete.
Aurki programaren grabazioa telebistan eta ondoko ESTEKAN ikusgai egonen da.
Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna
Aurreko astean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, eskolan TRATU ONEN ASTEA ospatu zen eta ZAINTZA ardatz hartuta, hainbat jarduera burutu ziren.
Gelaz gela zaintzaren inguruko hausnarketa bat egin zen genero ikuspuntutik eta zaintzaz arduratzen diren mutil-gizon ereduak landu ziren.
Ikasleek etxean edo kalean ikusten dutenari buruz hausnartu zuten: nor arduratzen da zaintzaz? Nor zaintzen duzue zuek? Zer da zaintzea? …
Familiek ekarritako argazkiekin gainera, non zaintzaren ardura duten eredu maskulinoak agertzen diren, bihotz erraldoiak osatu ziren mailaka eta sarrera nagusian kokatu ziren. Ikus beheko argazkia.
Horretaz gain, Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleek, ostegunean Orkoiengo berdintasun zerbitzuak gaiarekin lotuta antolatutako ipuin kontalaria izan zuten eta ikasle guztiek astean zehar, Ruper Ordorikaren “Zaindu maite duzun hori” kanta megafonian entzuteko aukera izan zuten.
Indarkeria Matxistarik gabeko bizitzak nahi ditugulako, ZAINDU MAITE DUZUN HORI!
Gaztainaren eguna
Guraso Elkarteari esker, aurten berriz ere, udazkenero bezala, gaztainaren eguna ospatu dugu eta ikasleek hamaiketako berezia izan dute: gaztaina erreak. Mila esker!
“Haurren aurrean, helduok heldu” sentsibilizazio kanpaina
Haurren aurrean helduok heldu, Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta, guraso eta bestelako hezitzaileen arteko, hau da, HELDUEN ARTEKO, hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.
Ikastetxeko euskara batzordeak ekimena ezagutzera emateko sentsibilizazio kanpaina txiki bat burutu du eta besteak beste, behean ikus ditzakezuen kartelak ikastetxeko toki ezberdinetan kokatu dituzte.
Hezitzaile eta gurasoen arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko kanpaina, urriaren 19tik 29ra luzatuko da.
Guraso euskaldunen artean euskaraz egitera animatzen zaituztegu eta ez dakiten gurasoei ezagutzen dituzten hitzak euskaraz esatera eta hitz berriak ikastera animatzen ditugu. Beheko irudian adibideak dituzue. Animo eta haurren aurrean helduok heldu!
Patioko aterpearen obra amaituta
Beheko argazkietan ikus dezakezuen bezala, aterpea haizetik eta euritik babesteko egin duten obra orain dela 2 aste amaitu zuten eta dagoeneko bai jolasorduetan bai gorputz hezkuntzako klaseak emateko garaian, baldintzak hobeak izanen dira.